X

JARDUNALDIAREN AURKEZPENA

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, zirkulazio-istripuak dira zortzigarren heriotza-kausa munduan. Orain dela sei urte, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Bide-Segurtasunaren aldeko Ekintzaren Hamarkada (2011-2020) aldarrikatu zuen “hasiera batean zirkulazio-istripuek eragindako biktimen kopurua egonkortu eta, ondoren, murrizteko” asmoz. Ildo horretan, Europar Batasunak “Bide-segurtasuneko eremu europar baterantz: 2011-2020 aldirako bide-segurtasunari buruzko orientazio politikoak” agiria argitaratu zuen, zeinek (2010. urteko datuak oinarri hartuta) 2020rako errepideetako heriotzen kopuru osoa erdira murriztea planteatzen duen.

Ereduzko esparru honetan eta istripu kopurua murrizteko eta bide-segurtasuna hobetzeko asmo berdinarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoko helburu eta jardunbideak zehaztu zituen.

Euskadin, zirkulazio-istripuak direla eta hildako pertsonen kopurua nabarmen murriztu da, izan ere, 2001ean 190 heriotza deitoratu behar izan ziren; eta iaz, 53. Hau abiarazitako politiken, erakunde eta gizarte agenteen arteko lankidetzaren eta hiritarren kontzientziazioaren baturari esker izan da. Halere, gero eta zailagoa da zifrak hobetzeko erronkari eustea, batez ere heriozko istripu kopurua txikia denean istripuak eragiten dituzten kausa orokorrak aurkitzea zailagoa baita: istripu bakoitzak aurrekotik eta ondorengotik ezberdintzen dituzten ezaugarri berezi batzuk aurkezten ditu. Horregatik, istripua eragiten duten kausak ikertu eta zehazteko ahaleginak handiagoak izan behar dira.

Zirkulazio-istripuen prebentzio, ikerketa eta tratamenduaren ezagutzan sakontzeko ahaleginean aditu ezberdinak elkartu ditugun Zirkulazio-istripuen Prebentzio eta Ikerketaren inguruko jardunaldi honetara etortzera gonbidatzen zaituztet.

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA
EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILBURUA