JARDUNALDIAREN AURKEZPENA

Azken urteotan, behera egin du Euskadin zirkulazio istripuetan hil diren pertsonen kopuruak, eta dagoeneko kokatu gara gai honetan aurreratuen dabiltzan Europako herrialdeen maila berean.

Datu horiek positiboak dira, eta hala izan dadin laguntzen dute egunero hainbat pertsonak, elkartek, erakundek, enpresak eta instituziok, errepideetako istripu kopurua murrizteko ahalegina eta lana eginez. Ibilgailu baten segurtasun pasiboa hobetzeko elementuak diseinatzean, errepideen arloko legeak ezartzean, araua betetzen dela zaintzean, estrategiak definitzean, balioetan oinarritutako heziketa ematean… bizitzak salbatzeko zereginari laguntzen ari gara, uste osoa izanez zirkulazioaren eraginezko traumatismoei aurrea har diezaiekegula. Izan ere, ez dira saihetsezinak.

Kopuruaren beherakada hori akuilagarria da bide segurtasunean eskumena duten administrazioek, bereziki, eta oro har, gizarte osoak, lan egiten jarraitzeko, herritarren mugikortasuna segurua eta iraunkorra izan dadin, eta, hala, Euskadiko zirkulazio istripuen kopurua eta horietan hiltzen diren pertsonen kopurua ahalik eta gehien murritz dadin.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren konpromisoa, Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrari buruzko 2015-2020 Plan Estrategikoan luze eta zabal jaso dena, bat dator EBk finkatutako helburu estrategikoekin. Horregatik, hildakoen kopurua murrizten jarraitu nahi luke Euskadik, nahiz eta jakin geroz eta zailtasun handiagoak daudela hori lortzeko.

Eskarmentuaren arabera, hobekuntza eraginkorrak eta iraupen luzekoak lortzeko, ikuspegi zabala eduki behar da, bide segurtasunaren ezin konta ahala alderdiri erreparatuko diena. Horregatik gatoz jardunaldi profesional hau aurkeztera. “Bide segurtasunaren arloko erantzukizun partekatua” du izenburua, eta jardunaldiaren helburua izango da hainbat sektoretako pertsona adituei ahotsa ematea, gaiari buruz duten eskarmentuaren berri eman dezaten.

Urriaren 25ean zeu ere geure artean izatea gustatuko litzaiguke. Ziur baikaude gaiak interesgarriak irudituko zaizkizula.

Sonia Díaz de Corcuera
Trafikoko Zuzendaria